martes, octubre 02, 2012

URRIA GORRIA

URRIA GORRIA: atzo, gaur eta beti
Euskal Jardunaldi Iraultzaileen PROGRAMA


Urrian gara. Hain zuzen komunistentzat ahaztezina den hilabetean. Duela 95 urte gizarteak sistema justuago baten aldeko saiakera zintzoenaren aurrean egon ginen. Errusian alderdi boltxebikeak zuzendu zuen iraultza sozialistaren aurrean, zehazki.

Lehen aldiz, zarismoa eta gerora saiatuko zen inperialismoa ere garaituak izan ziren, bai politikoki, bai militarki ere. Lehen aldiz, sozialismoaren eraikuntza delakoaren lekuko izan ginen: bost urteko planak, Politika Ekonomikoa Berria, borroka ideologikoa alderdi boltxebikearen baitan, sobietar herritarren bizi mailaren hobekuntza, argindarra, produkzio maila ikaragarria, marxismo-leninismoaren mugarri ideologikoen gainean eraikitako 1936ko konstituzioa, nazi-faxismoaren kontrako garaipena eta abar luze bat izan ziren bai sobietar Herriak zein honen zuzendariak adibide eta ikasgai gisa utzi zizkigutenak.

Gaur egun, aldiz, klase borroka, klase zapalketa, nazio kontzientzia, Kapitala... joan den mendeko hitzak direla ematen du, horien gainean erori den isiltasun eta deslegitimazio harresiari erreparatzen baldin badiogu behintzat. Baina joan den mendeko beste hitz batzuk, berriz, eztabaidaezina dirudien gaurkotasun batekin datoz lagunduta: erreformismoa, saldukeria, traizio ideologikoa...

Gure ustez bai lehenengo multzo zein bigarrenekoak gaurkotasun berberaz daude jantziak, gure gizarteetan ematen direlako. Eta argi dugu bigarrenak mapatik kentzeko zer egin behar den: garai batean egin eta egokitzat frogatu zuten errezeta berbera: Iraultza Sozialista.

Euskal Herri Langilearen esnatzea eta kontzientziazioa berebizikoak dira aipatzen ari ditugun helburuak lortzeko, bide bakarra ere esango genuke. Horregatik, gai eta kontzeptu guzti hauen gainean gogoeta egiteko, Donostiako Eskola Gorriak hainbat hitzaldi prestatu ditu, kontzertu batzuekin batera ere; beti ere eztabaida eta mezu argi bat bultzatzeko asmoarekin: borroka eta antolakuntza dira bide bakarrak!


Euskal Iraultza Sozialistaren bidean!

No hay comentarios: